UNRWA Euskadik genero eta kulturartekotasun ikuspegia lantzeko jardunaldiak antolatu ditu Deustuko Unibertsitateko Noha Masterrean

Pasa den azaroaren 26, 27 eta 28an, UNRWA Euskadik Nazioarteko Ekintza Humanitarioko NOHA (Network on Humanitarian Action) Masterreko langileekin elkarlanean jardunaldi batzuk antolatu zituen Bilboko Deustoko Unibertsitatean. Jardunaldien helburua Ekintza Humanitarioan kulturartekotasun eta genero ikuspegia txertatzeko jakintza eta tresna baliagarriak ikasleen eskura jartzea izan da. Horretarako, Palestinako lurralde okupatuko kasuan oinarrituz.

 

Jardunaldietan zehar, ikasleek eduki teoriko nahiz praktikoak lantzeko aukera izan dute eta tailer praktiko eta eztabaida saioak martxan jarri dira, ondorengo hizlarien ekarpenari esker: Pilar Díez Arregi eta Edurne Bengoetxea Sorozabal, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako ordezkariak;   Monika Alonso Mundubat elkarteko Giza Eskubideetako koordinatzailea; Isabel Miguel UNRWA Espainiako Hiritartasun Globalerako Hezkuntza Koordinatzailea;  Ane Irazabal Ekialde Hurbilean aditua den kazetaria, mediterraneo zonaldean lanean diharduena EITB eta RAIrentzat (Radio Televisione Italiana) freelance moduan; Sana Jelassi, UNRWAko genero kontseilaria eta Ana Urgoiti Aristegi, Zuzenbidean lizentziatua eta Nazioarte, Ekintza Humanitario, Garapen eta Genero Zuzenbidean aditua.

 

Jardunaldiak iraun duten hiru egunetan,  ondorengo hiru gaiak jorratu dira: Genero ikuspegia Ekintza Humanitarioan: teoria eta erabilera praktikoa; Ploko (Palestinako lurralde okupatuko) egoera humanitariora hurbilketa, genero ikuspegi batetik; Palestinako emakume mugimendu eta mugimendu feministen historia eta bilakaera.

 

Jardunaldi hauek "Euskadin Ekialde Hurbileko errefuxiatuekiko eta bereziki Palestinako errefuxiatuekiko dauden estereotipoak genero, giza eskubide eta kulturartekotasun ikuspegi batetik eraldatzen",  proiektuaren baitan antolatu dira, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker.