BILBOKO OTXARKOAGA IKASTETXEKO GAZTEAK “BERAIEN OINETAKOETAN” ANTZEZLANEAN PARTE HARTZEN DUTE

Pasa den otsailaren 15an, UNRWA Euskadik eta Hortzmuga antzerki taldeak “Beraien oinetakoetan” antzezlana aurkeztu zuten Bilboko Otxarkoaga auzoko Harrobia antzokian.

 

“Beraien oinetakoetan” ikuskizunak antzerkia eta bizipen-jolasa ditu ardatz. Honela, publikoak Palestinako emakume errefuxiatuek bere egunerokotasunean pairatzen duten ikusezintasuna eta isiltasuna beraien azalean bizitzeko aukera du. Emakume ororen duintasunak jasaten duen oinazea eta euren eskubideen urraketa azaleratzen dira, antzezlanaren bitartez eta emakume hauek Palestinako gizartearen oinarri modura duten garrantzia azpimarratzen da.

 

Antzerki – jolas honen bitartez, 15 eta 18 urte bitarteko parte hartzaileek norberaren bizipenetik ezberdina den egoera bat bizitzeko aukera izan zuten, testuinguru honetan emakumea izatea zertan datzan lehen pertsonan biziz, egoera hobeki ulertuz eta Palestinako errefuxiatuenganako enpatia azalduz.