UNRWA Euskadik antolatu duen Egin eta Desegin lehiaketaren sari banaketa

Joan den apirilaren 4an, osteguna, "Egin eta desegin" lehiaketaren sari banaketa egin zen Bilbon, eta, bertan, hezkuntza, gazteria edo errefuxiatu populazioaren arloari lotutako gizarte zibileko kideak bertaratu ziren. Horiekin batera, lehiaketaren protagonistak izan diren gazteek ere parte hartu zuten, Palestinako emakume errefuxiatuei buruzko estereotipoak desmuntatzen lagundu baitute haien argazki muntaien bitartez.

 

Urtarrilaren 15ean hasi eta martxoaren 15era luzatu da lehiaketa. Ekimen honen sustatzailea den UNRWA Euskadik euskal gazteriak Ekialde Ertaineko errefuxiatuen inguruan dituen estereotipoak desegiteko argazki muntaia egitea eskatzen zuen, bereziki Palestinako emakume errefuxiatuen egoera landuko zuena. Emakume hauek gatazkaren ondorioak pairatzeaz haratago, gizarte patriarkalaren indarkeria ere jasaten ari dira.

 

Bide honetan, lehiaketan parte hartu duten nerabeek GAZA AMAL: Gazako Zerrendako emakume ausarten istoriotxoak komikiko pertsonaiei bizia eman behar izan zioten, bertan jasotzen diren baieztapenak irudikatuz, aurreiritziak apurtzeko helburuarekin.

 

Honela, 90 muntaietik gora aurkeztu ziren eta Jon Agirre (EGK), Uxue Pascual (Deusto Ikastola), Amaia Iguaran (Ongi Etorri Errefuxiatuak) eta Nadia Nemeh Shomaly (Palestina Biladi) epaimahailek hiru saritu zituzten, sormena, gaiarekiko koherentzia eta aurreiritziaren lanketa bikain landu baitute. Hiruek GoPro kamera bana eskuratu dute sari moduan.

 

Hirugarren saria Gernikako BHI institutuko ikasle batek jaso du, eta lehen eta bigarren sariak, berriz, Laudioko BHIko bi ikasleentzat izan dira. Irabazleak lehiaketan parte hartu zuten pertsona guztiekin partekatu zuen bere obrak islatzen duen mezua, hau da, euskal emakumeek, palestinarrek eta munduko beste edozein lekuetako emakumeek kristalezko sabaia hausteko egin behar dugun lanaz mintzatu zen.

 

Gainera, lehiaketan parte hartu zuten 92 fotomuntaietatik 15 erakusketa ibiltari baterako aukeratuak izango dira, Euskal Herriko hainbat gunetan erakusgai egongo direnak.

 

Jarduera hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Bizkaiako Foru Aldundiari esker sustatu da.