KEPA BILBAOrekin SOLASEAN (GERNIKA BHIko IRAKASLEA)

2019ko otsaila eta martxoan zehar, UNRWA Euskadik 4 komiki tailer burutu zituen Euskadiko arte batxilergoko ikasleei zuzenduak. Tailer hauen helburua ikasleak Palestinako emakume errefuxiatuen egoeraren inguruan sentsibilizatzea izan da.  Tailerrak 4 ikastetxetan burutu ziren: Gernika BHIn (Bizkaia), Ibarrekolanda BHIn (Bizkaia),  Laudio BHIn (Araba), eta Zurriola Ikastolan (Gipuzkoa).

 

Proiektu hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari esker sustatu da, zeinaren helburua “Emakumeen zaurgarritasuna gutxitzeko jabetze estrategiak” sorraraztea izan den.

 

Kepa Bilbao Gernikako Institututuko arte irakaslea da eta UNRWA Euskadik bere ikastetxean antolatutako komiki tailerren koordinazioaz arduratu da.

 

Hasteko, zure ibilbide profesionala ezagutzea gustatuko litzaiguke. Zein izan da zure ibilbidea artearen munduan Gernikako institutuko irakaslea izan aurretik?

 

Arte Ederrak ikasi nituen Leioako Fakultatean. Teknika Grafikoak espezialitatea amaitu ostean Ikus-entzunezkoen lizentziatura eskuratu nuen. Erasmus bekari esker Italian Mosaikoan eta Grabatuan aritu nintzen hiru hilabetez. Beranduago Roman pasatu nuen denboraldi luze bat Teknika Grafikoen munduan sakontzen. Erakusketa asko egin nituen sasoi horretan, banakakoak zein kolektiboak, eta Iruñean urte askotan bizi nintzen bitartean Angela Morenoren tailerrean (Uharten) aritu nintzen grabatuan. Aldi berean Arte Batxilergoko irakasle moduan lan egiten nuen. Momentu batean Argazkilaritza ematen hasi nintzen eta hortik aurrera sortu zen arlo honekiko daukadan zaletasuna.

 

Gaur egun Gernika BHI Ikus-entzunezko Kultura ikasgaia irakasten dut Arte Batxilergoan.

 

Urte honetan UNRWA Euskadirekin buruturiko elkarlana nolako izan den jakitea gustatuko litzaiguke(saioak nolakoak izan diren, zenbat denbora iraun duten, zein ezaugarri izan dituzten…)

 

Aurtengo ikastaroa oso interesgarria izan da. Bi ordutako 3 saio egin ostean, landutako gaiarekin lotura zuen Fotomuntaia egin dugu. Denetarik egin dugu: Hasteko Palestinako pertsona bat gelara etorri zen bere esperientzia pertsonala kontatzera eta Palestinako lurralde okupatuaren egoeraren berri ematera . Oso hunkigarria izan da guztiontzat eta zonalde horrek pairatzen duen egoera ezin hobeto ulertzeko balio izan du.

 

Bigarren eta hirugarren saioetan Komiki tailerra egin dugu Susanna Martin komikigilearen eskutik. Oso giro ona egon da eta Susanna bezalako artista batekin aritzea oso esperientzia aberasgarria izan da nire ustez.

 

Komiki tailerrei esker, ikasleek zein ezagutza lortu dituzte? (komikiarekiko, Palestinako errefuxiatuekiko…)

 

Batetik, gure ikasleek ikusi dute komikiak egiten dituen artista profesional batek lan egiteko prozedura. Komiki bineta batzuk egin dituzte bere azalpenak jarraituz. Ikus-entzunezko Kultura ikasten ari diren ikasle hauentzat oso errefortzu positiboa izan da zalantzarik gabe.

 

Bestetik, Palestinako lurralde okupatuetan aspaldi gertatzen ari den egoeraz jabetu dira, eta ziur nago euren pentsamoldea aldatu dela.

 

Zein izan da UNRWA Euskadik tailerrei eginiko ekarpena?

 

Aurten ordu biko tailerra amaitu ostean fotomuntaia egiten aritu dira ikasleak. Honek sendotu du aurreko saioetan ikasitakoa eta gainera, gai honetan dauzkagun topiko asko apurtzeko balio izan dela uste dut.

 

Lau saioak amaitu eta gero komikian oinarritzen den GAZA AMAL erakusketa antolatu dugu Institutuan eta horri esker landu dugun gaia ikaslego osoari ikusteko aukera eman zaio.

 

Aurtengoa bigarren urtea izan da Gernikako Ikastetxean UNRWA Euskadik antolaturiko tailerrak aurrera eraman direla, nolakoa izan da zuen esperientzia UNRWA Euskadirekin?

 

Ezin hobea benetan. Gurekin aritu diren pertsonak (Sara eta Sergio) maitagarriak izan dira. Oso eskuzabalak eta profesionalak, eta ikasleekin primeran moldatu dira. Zoriontzeko moduan!

 

Eta bukatzeko, azken galdera: zure ustez, orohar, arteak zein balio du gizartea eraldatzeko garaian?

 

Zer esango dut nik ba? Arte Ederretako ikasle moduan historian zehar arteak izan duen balio horretaz jabetu naiz hasieratik. Arte Batxilergoko irakasle moduan nire zeregina da irakasteak arteak gizartea eraldatzeko eta hobetzeko ahalmena daukala. Artea gizakion adierazpide nagusia dela pentsatzen dut.